Kanpainari buruz

IRAKURKETA

Berrarmatzearen eta genozidioaren aurka, Gastu Militarrari Eragozpen Fiskala.

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan errenta kanpaina (PFEZ) iristearekin batera, Eragozpen Fiskala kanpaina bultzatzen dugun kolektibook gastu militarraren aurkako desobedientzia zibilera deitzen dugu. Gerrara bideratutako gure zergen zatia benetako bakea eraikiko duten proiektu eraldatzaileetara desbideratzea proposatzen dugu.

Desobedientziarako dei hori desberdintasuna etengabe areagotzen ari den testuinguru batean sortzen da. Gastu militarraren gorakadari eta politika publikoen militarizazio progresiboari ematen diegun erantzun irmoa da. Segurtasuna eta eskubide sozialak bermatzetik urrun, joera militarista honek esparru militarrera gero eta oinarrizko baliabide publiko gehiago desbideratzea dakar, ongizate soziala murriztuz eta bizitzari eusten dioten sistemak ahulduz. Militarizazioak, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, haustura soziala sakontzen du, eta bazterketa eta indarkeria normalizatzen dituen eredu politikoa finkatzen du.

Desberdintasun-egoera horretan, Estatuaren gastu militarra 65.000 milioi eurora igo zen 2025ean, NATOk ezarritako Europako berrarmatzeak bultzatuta. Murrizketa zuzenak eragin zituen osasunean, hezkuntzan eta gizarte-zerbitzuetan, eta pobrezia eta desberdintasunaareagotu zituen; gainera, indarkeria-espiral bat sortu zuen mundu osoan.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere gastu militarra finantzatzen laguntzen dute, Estatuko aurrekontuei ekarpenak eginez eta beren lurraldeetan armamentu-industriei lagunduz. SAPA, ITP, SENER edo SIDENOR, militarismoaren negozio zikinean parte hartzen duten 200 enpresetako batzuk baino ez dira, gerretatik eta Palestinako genozidiotik irabaziz.

Eragozpen Fiskala etorkizun alternatibo bat eraikitzeko tresna kolektiboa da. Gerra finantzatzen duten gure zergak beste hainbat helbidetara desbideratzen ditugu, mundu bidezkoaren aldeko hainbat burruka eta ekimenen autokudeatuen alde: feminismoa, etxebizitza eskubidea, lan eta gizarte eskubideak, komunikazio alternatiboa, ekologismoa, ekonomia soziala, nazioarteko lankidetza, edo pertsona migratuen eskubideak, besteak beste.

Eragozpen Fiskala ez da banakako ekintza bat bakarrik, Euskal Herriko mugimendu sozialak indartu eta diskurtso antimilitarista indartzen duen ekintza kolektibo bat baizik.

Gure zergak mundu justuago eta baketsuago bat eraikitzeko inbertitzea exijitzen dugu, eta pobrezia, etxebizitza falta, osasun publikoaren hondatzea, krisialdi klimatikoa, faxismoa eta patriarkatua bezalako arazo errealen aurkako benetako defentsa.

Inkesta

Eman iezazkiguzu Gastu Militarrari jarritako Eragozpen Fiskaleko datuak web galdetegi honen bidez.

Estatu mailako kanpaina